TRATAMENDUAK

Bularreko minbizirako tratamendurik arruntena da kirurgia. Tratamendu kirurgikoari esker, sarritan, tumorea erauzten da. Bularreko minbizirako hainbat kirurgia mota daude, ebakuntzan erauzitako titi-ehunaren edo bestelako ehunen kopuruaren arabera. Medikuek operazio jakin bat gomendatuko dute, tumorearen tamaina, kokalekua eta zabaltzeko aukera kontuan hartuta. Ebakuntzan, bularraren alde bereko besoaren azpian dauden gongoil linfatiko batzuk ere kenduko dituzte medikuek. Ondoren, gongoil horiek mikroskopioan aztertuko dira, zelula kantzerigenorik duten egiaztatzeko, eta, hala, tumorearen egoera zehazten lagunduko da.

Bularreko minbizian erabiltzen den kirurgia sinpleena lumpektomia edo tumerektomia bezala ezagutzen da. Ebakuntza honetan, tumorea (kistea) ateratzen da alboko bular-ehunarekin batera. Lunpektomia egokia da bularreko tumore txiki ez oso sakonen kasuan. Tumore handiagoetan, berriz, beharrezkoa izan daiteke segmentektomia izeneko ebakuntza bat egitea, hots, bularraren zati handi bat tumorearekin batera banatzea.Bularraren itxura estetikoa ez da gehiegi aldatzen bi ebakuntza mota horiek egitean, nahiz eta orbain bat utz dezaketen.

Mastektomia gaur egun askoz ebakuntza zehatzagoa da eta ez da duela belaunaldi bat bezain gogorra.

Mastektomia hautatzeko erabakia faktore askoren menpe dago, bereziki gaixotasunaren garapena norainokoa den, minbizi mota eta epe luzera gaixoari lasaitasun handiagoa emango diona: kirurgiaren azken helburua tumorea kentzea eta informazioa jasotzea da, hala, eraman beharreko tratamendua zehaztu ahal izateko.

Zenbait kirurgia mota dago. Sendagileak bakoitza azaltzen du, onuren eta arriskuen berri ematen du, eta askotan, emakumea bera da zein ebakuntza mota nahi duen erabakitzen duena, beti ere egoerak uzten duenean.

Bularra erauzten denean (edo ahalik eta zatirik handiena kentzen denean), mastektomiaz ari gara. Minbizia kentzen denean, baina bularra ukitzen ez denean, kirurgia kontserbatzailea deitzen zaio.

Bi kirurgia kontserbatzaile dira. Oro har, horrelako ebakuntzak egin ondoren erradioterapia ematen zaio gaixoari, lekuan geratu ahal izan diren minbizia duten zelulak desegiteko. Kasurik gehienetan, zirujauak beso azpian dauden gongoil linfatikoak ere erauzten ditu, minbizia duten zelulak sistema linfatikoak sortu dituen ala ez zehazteko.

Gongoil Zentinela (GZ) tumore primario baten drainatze linfatikoa jasotzen duen lehen gongoila edo gongoil taldea da, hau da, hasierako metastasia izateko aukera gehien dituen gongoila.

Kirurgiaren bigarren mailako ondoriorik garrantzitsuena besapeko gongoilak erauztetik dator, eta Linfedema du izena.

Besapeko gongoil linfatikoak erautzita, linfako korrontea moteldu egiten da. Zenbait emakumerengan linfa, besoan eta eskuan pilatzen da eta ondorioz, hantura sortzen da.

Besoko edema azaltzeak ez du esan nahi gaixotasunean atzerapausorik dagoenik, baizik eta besapeko kirurgiaren ondorioz sortutako konplikazioa dela bazik; berehala edo beranduxeago gerta daiteke.

Behin ebakuntza eginda, zure osasun zentroko errehabilitazio zerbitzuan aholkatuko dizute ariketa egokiak nola egin unearen eta zure egoeraren arabera, eta horrela, linfedema saihestu ahal izando duzu.

Urtero, milaka emakumeri egiten diete bularrean ebakuntza. Bakoitzak bere kezkak ditu, ebakuntzak bere bizitzan izango dituen ondorioen inguruan. Lanera itzultzea, sexu-harremanak eta familiakoen jarrera dira emakumeak izaten dituen kezketako batzuk.

Badakigu, geuk izandako esperientziagatik, bularreko minbizia izan dugun emakumeontzat errazagoa izan zaigula horrelako esperientzia izan duen norbaitekin hitz egitea, izan ere, samurragoa da zuk zeuk pasa duzun emozio-trauma bera pasa duen eta horren esanahia ulertzen duen pertsona bati kontatzea.

HORREGATIK, ZAIN GAITUZU

Energia altuko erradiazioak erabiltzean datza, eta bere helburua minbizia duten zelulak deusezten saiatzea da. Kirurgia kontserbatzailearen ondoren ematen da, nahiz eta kirurgia erradikalaren ondoren ere eman daitekeen. Mastektomia ondoren erradioterapia emateko arrazoi nagusia, tumorea orbainean edo inguruan ager daitekeelako ustea da. Beste batzuetan, tumorea handia denean, edo besapeko gongoil askok tumorea duten zelula ugari dituztelako egiten da.

Bigarren mailako ondorioak: Erradioterapia tresnek potentzia handia dute eta irradiatu nahi den gunea oso ondo aukeratzen dute; horrrela, denbora laburrean erabil daiteke eta normalean gorputzak ongi onartzen dituen ondorioak sortzen ditu. Tratamenduek lau edo sei aste iraun dezakete. Bigarren mailako ondorio ohikoenetako bat tratamenduaren azken asteetako nekea izaten da.

Atsedena eta aktibitate fisikoa zuhur egitea da arazotxo hori konpontzeko irtenbiderik errazena. Tratamendua amaitu bezain pronto desagertu egingo da. Bigarren mailako beste ondorioetako bat larruazalean gerrtatzen da: tratamendua izan duen gunea, gorritu, lehortu, eta izerditu egiten da, azkurea izaten da eta sentiberago egoten da. Kotoizko jantzi zabalak erabiliz eta gune hori aireztatu arazo hori gutxitu egiten da eta tratamendua amaitu bezain laster desagertu egiten da, nahiz eta batzuetan denbora luzeagoan larruazala sentiberago somatzen den eta zenbaitetan, tratamendua pairatu duen larruazala pigmentatuagoa gelditzen den, “belztuta” balego bezala.

Botiken bidez, gune torazikotik kanpo dauden eta minbizia duten zelulak suntsitzean datza. Kimioterapian zenbait botika nahasten dira eta eguneko ospitalean orratz bidez sartzen dira zainean edo giharrean, eta beraz, normalean ez da beharrezkoa izaten ospitalean ingresatzea. Kimioterapia, zikloka ematen da, eta horiek, hiru edo lau astetik behin egun batekoak izaten dira.

Bigarren mailako ondorioak: Emakumeen eta emandako botiken araberakoak izaten dira. Orokorrean kimioterapiak zatiketa azkarreko zelulei eragiten die, hala nola odol-zelulei ileko folikuluei eta liseri-hodiko zelulei. Horregatik,ondorio ohikoenak ilea erortzea, gosea gutxitzea, goragalea, oka eta beherakoak, ahoko ultzerak eta konjuntibitisa dira.

Kimioterapiak, aldi baterako dastamena alda dezake eta usaimeneko sentikortasuna sortaraz dezake. Gaixorik dagoen emakumeak oraindik hilekoa badu, tratamenduak dirauen hilabeteetan desagertu egin dakioke.

Bigarren mailako beste ondorio garrantzitsuenetako bat odolean globulu zuriak gutxitzea izan daiteke, eta horrek sukar altua eta infekzio-gaixotasunak izateko aukerak zabal ditzake. Ondorio horietako gehienek denbora gutxi irauten dute eta gaur egun botika osagarrien bidez kontrola daitezke.

Antihormona gisa lan egiten duten botikak erabiltzean datza. Helburua, minbizia duten zelulak ez haztea da, hau da, bularreko minbizia bultzatzen duten hormonen jarduera geldiarazten dute.

Terapia hori erabili aurretik, tumorearen zelulak hormonarekiko sentikorrak diren egiaztatu behar da, hau da, minbizia duten zelulek estrogenoak eta progesterona jasotzen duten. Terapia hori bost urtez ematen da. Botika ohikoena tamoxifenoa da, baina gaur egun epe luzera oso emaitza onak ematen dituzten beste batzuk ere erabiltzen dira.

Bigarren mailako ondorioak: Menopausian azaltzen diren antzekoak dira: itolarriak, hilekoan irregulartsaunak eta baginako lehortasuna. Kasu berezietan tamoxifenoak odol-zirkulazioan arazoak eragin ditzake, hanketan bereziki.

Inmunoterapia:Terapia hori, entseiu kliniko aldian dagoena, terapia biologiko izenaz ere ezagutzen da eta minbiziaren aurrean sistema inmunologikoa bizkortuko duten substantziak hartzean datza. Edo gorputzari beste terapia batzuetan izandako bigarren mailako ondorioak hobetzeko balio du.

Tratamendu biologikoak sendagai batzuk dira, minbizi-zeluletara espezifikoki bideratzen direnak eta haien hazkuntza-ahalmena oztopatzen dutenak. HER2 hartzailea zelula askoren gainazalean dagoen proteina bat da. Bularreko minbizi batzuetan, minbizi-zelulek HER2 hartzaileen kopuru anormalki altua (gainespresioa) izaten dute; hori dela eta, zelulak azkarrago zatitzen eta ugaltzen dira, eta minbizi oldarkorragoa eragiten dute. Tumore mota hauek HER2 positiboak deitzen dira.

Trastuzumab antigorputz monoklonal bat da, eta HER2 hartzailearengana zuzentzen da espezifikoki. Bularreko minbizi HER2 positiboa duten pazienteak tratatzeko erabiltzen da, bai gaixotasunaren estadio goiztiarretan, bai aurreratuetan. Era berean, lapatiniba bularreko minbizi HER2 positiboaren aurka aritzen da.

HER2 hartzailearen egoera funtsezkoa da pazientearen pronostikoa eta tratamendua zehazteko. Bularreko minbizia diagnostikatutako emakumeen %30ek tumore HER2 positiboak dituzte.

Botika antiangiogenikoak: Tumorea elikatzen duten hodiak hazteko behar diren proteinei eragiten diete beste botika batzuek. Bevacizumab izeneko farmakoak, esaterako, endotelio baskularraren hazkunde-faktorea inhibitzen du (odol-hodia barrualdean estaltzen duen geruza), eta, beraz, tumore-hazkuntza eragozten du. Proteinei edo RNA mezulariaren ereduei buruzko ikerketa berriak etorkizuneko estrategia terapeutiko berriak garatzeko bideak izan daitezke.

Tumore ginekologikoei aurre egiteko erabiltzen diren hainbat tratamenduk, histerektomiak (uteroaren erauzketak) edo pelbiseko erradioterapiak adibidez, haurdunaldia ezgaitzen dute. Ugalkortasun adinean dauden emakumeei kimioterapia ematen zaienean, honek antzutasuna eragin dezake.

Gaixoaren eta bere tumorearen ezaugarri ezberdinen arabera eta bere ugalkortasun gaitasuna mantentzeko helburuarekin, ondoren azaltzera emango diren neurri ezberdinak hartu daitezke:

  • Obulutegiko ehunen izoztea, beha rrezkoa da ebakuntza kirurgiko laparoskopiko bat egitea.
  • Obuluen izozte edo beiraztapena, estrogeno dosi handien kudeaketa eskatzen du, obulutegietan hainbat obuluren heltzea eragin ahal izateko.
  • Ardatz hipotalamo-hipofosioarioak blokeatzen dituzten tratamendu medikuak, aldi baterako menopausia eragiten dute.